Asteon politikaren gauzak edo politikakeriak ikusi ahal izan ditugu. Maila exkaxeko politikariek, kazetariek… eta eskuin muturreko taldeek, besteak beste, lege-zirrikituak erabili dituzte Espainiako Erresumako Gobernuko presidentea uzkailtzeko. Kontua hauxe da: eztabaida politikoan zilegi diren lanabesak baliatu beharrean, Espainiako Parlamentuak onetsitako legeek zabaldutako ateak irekitzen jardun dute albotik euren helburu politikoak jadesteko. Horretarako ez dago mugarik, ez-dakit-zein-egoeratako-eskuak dituen talde batek frogatu duen legez.

Betiere, talde horrek ez du horrelakorik lehenengoz egin Espainiako Parlamentuaren legeen zirrikituetatik sartzeko.

Alderdi demokratikoek, konplexuak jota-edo, Calpurnia baino maratzagoak izan nahi dute, eta Andre Maria Sortzez Garbia baino garbiagoak. Edo hala eman nahi dute. Batzuek nahita eta beste batzuek konturatu barik laguntza ematen izan dute demokraziaren oinarriak sitsak jan ditzan, eta, nire aburuz behintzat, hori albait lasterren ez moztera, demokraziaren osasuna txarragotu egingo da. Bai, txarragotu, daborduko osasun hori ona ez delako.

Lege jakin batzuen arabera eta komunikabide nagusiek erruduntasun-printzipioa ezarri dute, errugabetasun-printzipioaren ordez. Kaka haizatzen da, haizatze horrek pertsona jakin batzuk zipriztintzen ditu delituaren aieruz. Ez dio egiak! Itxuraz, ahalik eta ikus-entzulerik gehienak erdiestea da xedea. Hori ez ezik, nahikoa da itxuraz zerbaiten arduraduna izatea dena-delako horri gizartearen gaitzestea egozteko. Egoera hori irauli behar da berandu baino lehen.

Izan ere, politikariak demokraziaren ikur dira. Demokrazia zinez sinesten duten politikariek erantzukizuna dute euren lana garbi egiteko, baina ez dute zertan haien senideen bekatuak euren gain hartu (baldin eta bekaturik bada). Denak ez du balio. Eztabaida politikoa argudio politikoez mamitu behar da, bestela zientzia-fikziozko filmetan ageri den politika korporatiborantz goaz antxintxika.